XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SANZ ENEA KULTUR KUDEATZAILEA

SANZ ENEAtik Zarauzko kultura saila eta hainbat zerbitzu zuzentzen dira

Gipuzkoa eta Nafarroa kaleen artean arro altxatzen den eraikuntza eder hau, hau da, SANZ ENEA, izatez aurreko mendeko eraikuntza bat da.

Hain zuzen ere, 1850. urtean eraiki zen arkitektu frantses baten eskutik.

Ordutik hona euri asko egin badu ere, eraikuntza honen edertasunak oso-osorik iraun du eta gure herria estetikoki apaintzeaz gain, 1987ko otsailetik aurrea badu beste funtzio interesgarriago bat: Zarauzko kultura kudeatzea, hau da, kultura bideratzeko behar diren baliabideak jarri eta gestioak zuzentzea.

Horretarako bertan finkatzen dira Zarauzko Kultura saila eta kulturako zerbitzu batzuk.

SANZ ENEAren zerbitzuak

Zerbitzu hauen artean helduen liburutegia, haurren liburutegia, Gazte Informazio Bulegoa, Kultura arloko bulegoak, Ikus Entzuteko aretoak, erakusgelak, areto nagusia, artxibo historikoa eta liburutegiko artxiboa aurki ditzakegu.

Liburutegia

Bertako zuzendariak, Fernando Llopisek adierazten duen bezala, liburutegia da kultur etxe hontako zerbitzurik garrantzitsuena

Zarauzko liburutegia garai batetan Santa Marinan egon zen baina SANZ ENEA kultur etxea bezala zabaldu zenetik, olibondoz ornitutako ganbaran hartzen dute atseden apaletan lerrotutako liburu eta aldizkariek.

Liburutegiak oso ondo funtzionatzen du eta jende asko joaten da bertara.

SANZ ENEAtik urte osoan 80.000 pertsona pasatzen badira, (egunean 200 pertsona) kopuru honen erdia liburutegitik pasatzen da.

Leku gehiago beharko genuke taldeko lanak egiteko eta ordenagailu formatoan datozen soporteak ipintzeko beraz, gure ideia litzateke SANZ ENEAtik ateratzen bada zerbitzuren bat, bere lekua liburutegia handitzeko erabiltzea.

Adibidez, laister gazte Informazio Bulegoa Gaztelekura igaroko da eta espazio hori liburutegiko zerbitzuak zabaltzeko aprobetxatuko da, dio kultur teknikariak.

Gazteen Informazio Bulegoa

Bulego honek zerbitzu pertsonala eskeintzen du.

Kalitatezko zerbitzu bat da eta ez kantitatezkoa.

Bertan edozein gaiari buruz informatzen dute batez ere, gazte jendeari zuzenduta, adibidez, soldaduskari buruz edo etxebizitzei buruz eta beraiek ez baldin badaukate eskatutako informazioa, informazio hori lortzeaz arduratzen dira.

Artxiboa

Artxiboa erabiltzeko eskaera liburtegian edo udaletxean egin behar da.

Artxiboan dagoen dokumentazioa ez da egunero erabiltzen dena eta gainera asko zaindu behar da. Bertan, liburutegiko liburu zaharrak, egunkariak SANZ ENEA ireki zenetik hona argitaratutako guztiak, aldizkariak, artxibo zaharra deritzona, hau da, 1950. urte arte dagoen udaleko dokumentazio guztia etb. aurki daitezke.

Erakusketa aretoa

Erakusgelarako urteko programazioa egiten da.

Gutxi gora behera, urtean zehar 20 edo 30 erakusketa egiten dira. Zarautzen egiten diren erakusketa garrantzitsuenak hemen egiten dira horretarako gela hauek eskeintzen dituzten baldintzak egokiak baitira: gelak handiak dira, argitsuak eta batez ere neutroak, hau da, ikuslearen arreta ez da desbideratzen gelen apainketara baizik eta erakusgai dagoen irudi edo obretara.

San Eneako erakusgelan urtero 20 edo 40 erakusketa egiten dira.

Zarauzko kultura maila

Zarauzko kultura maila nahiko ona omen da. Hala deritzo Llopisek. Zarautzek eskeintzen dituen kultur zerbitzuak Villa Munda, Villa Manuela, Ebro etxea auzo elkarteetarako lokalak etb... asko erabiltzen dira eta horrek esan nahi du jendea interesatzen dela kulturaz. Gauzak ez dira jartzen inork ez badu erabiltzen. Hor islatzen da Zarautz nahiko ondo dagoela kultur mailan beste herriekin konparatuta. Hala ere, guk Zarautzen ikusten dugun beharra da auditorio edo multiuso hoietako leku bat non musika antzerkia eta honelako gauzak egin daitezkeen. Udalak horrelako eraikuntza bat egiteko asmoa badauka; ideia da aurten proiekto hori martxan jartzea.